Historioa

Organosantamaria-Historioa

Aurrekariak:

Gaur egun Cavaillé-Coll organoa kokatzen den lekuan zegoen organoari buruzko datu gutxi ditugu, horregatik oso gutxi dakigu instrumentu horretaz. Angel Inarajak bere “Donostiako Koruko Andra Maria Basilikako Cavaillé-Coll organoa” liburuan agertzen duen bezala, organo hura 2 teklatutakoa zen eta XIX. mendeko lehenengo laurdenean egoera kaxkarrean zegoela adierazten du.

1826. urteko Irailaren 26an idatzitako dokumentu batean, Inarajak esan bezala, garai horretako Andra Maria parrokiak organo “on” baten eskaera azalerazten du eta orduko instrumentuaren konponketa edota ordezkatzeaz hitz egin zuten. Baina hiriaren egoera ekonomikoa ez da baikorra garai haietan, 1813.urtean ingeles tropen erruz jasandako sutearen kalteetatik irten berri zebilen hiria eta oraindik bi Gerrate Karlisten pairatzekotan zeuden.

1840.urterarte ez zen organo ez ordezkatu, ez berriztatu. 1842.urtean afinazioa orekatu egin zen, orkestra instrumentuekin afinazio erlazio onean egoteko. Organo berriaren proiektuak aurrerapauso berezia bizi izan zuen 1844.urtean Jose Juan Santesteban Kapera Maisuaren etorrerarekin. 1860.urterarte ez zuen Udaletxeak bere kexu guztiak guztiz entzun eta jaramon egin; urte horretan Udaletxeak organo berriaren gastuaren atal bat bere gain hartu zuen. Halere 40 urte itxaron behar izan ziren Andra Maria parrokiak garai hartan erregututako eskaera hura begibistan ikusteko, esfortzuak pena merezi izan zuen.

Zergatik Cavaillé-Coll bat?

Andra Maria elizako organo zaharraren ordezkapena hitzartu eta gero, organo berriaren eratzea zeini helaraztea falta zen. Mahai gainean zenbait proposamen zabaldu ziren, nahiz eta bi izan nabarmentzen zirenak. Batetik Amezuarena, etxeko organo fabrikekin lotura gal ez zedin eta bestetik Parisetik zetorren Cavaillé-Coll, garaiko estetika berriekin harremanetan jartzeko bidean. Azken hauek Katalunian edota Lekeitio herrian zabalkuntza indartsua bizi izan zuten. Inarajak bere liburuan kontatzen duen bezala, Cavaillé-Coll fabrika etxe frantziarraren hautatzea orduko bi organojole famatuen oiniritziarekin bat zetorren: Jose Ignacio Aldalur, Amezuaren ez oso adiskide eta organo frantziarren jakitun eta Jose Juan Santesteban, Andra Mariako Kapera Maisu eta Lekeition Cavaillé-Coll organoa bikain ezagutzen zuen musikaria. Euskadin organo kopuru nabarmena zabaldu zuen historian izan den organo-etxerik handienetako batekin elkar lanean murgildu zen Donostia hiria.

Bi urte terdi lanak egiten:

Aldalur eta Santestebanen aukeraketari baiezkoa eman eta gero, organo-etxe frantziarrari zegokion proposamena aurkeztea. Bitartean, Andra Maria parrokiak eta Udaletxeak finantzaketa baten bila abiatu ziren, horretarako prozesu guzti hau zilegi jarraituko zuen batzorde bat eratuz. Lanean jartzeko unea iritsi zen.

Obra lanak bi urte iraun zuten, aurreikusitakoarekin alderatuta, urte bat gehiago. Atzerapen hau dela eta, fabrika frantziarrak instrumentu guztiz berri bat aurkeztuko zuela bermatu zien, antzinako organoaren piezak erabili gabe. Instrumentua 1863.urteko Ekainaren 20an eskura eman zen. Zazpi egun beranduago, batzorde-bileran diru kantitateari baietza eman zitzaion. Aurkezpen-kontzertua Jose Antonio Santestebani eskaini zioten, Kapera Maisuaren seme eta bere oinordekoaren etorkizuneko organojole.

Mantenu eta berriztapen lanak:

Organoak egoera bikainean ez zuen gehiegi iraun. Eliza guztian zehar antzeman ziren arratoien presentziak guztiz gaixotu zuten instrumentua. Honenbestez, 1878.urtean Cavaillé-Coll organo-etxeko M.H.Carloni organeroak kalte ororen zerrenda zehatza txosten batean biltzen du, 1880.urtean goitik beherako konpontze lanak burutuz. 1882.urtean Donostiako Udalak eliz objektu guztiak parrokia guztietako Fabrika Batzar Nagusiari entregatzen dizkio, organoa Elizaren ondasun izateraino. Andra Maria parrokiako bilera-agirietan instrumentuari eskainitako arretaz ohartzen da. Halere, urteak pasata, 1928.urtean beste berriztapen lan batzuen beharra antzematen da, kasu honetan sitsaren kaltez. Jose de Olaizola genuen garai hartako organojole titularra eta bere eskuetan utzi zen konpontze lan hauen jarraitzea. Obra lan hauen gastuei aurre egiteko Marcel Dupré organojole handiaren kontzertu bat antolatu zuten, egun haietan Donostiatik zebilela aprobetxatuz. Irailaren 7an ospatu zen eta musika munduko sona handiko izenak hurbildu ziren bertara: Jesus Guridi, Aita Donostia, Pablo Sorozabal edota Luis Arteaga esate baterako. Ohorezko gonbidatua Maria Cristina erregina izan zen. 1929.urtean organoaren bigarren berriztapenari hasiera eman zitzaion, Fernando Princen ardurapean. Azken hau, 1899.urtean Cavaillé-Coll fabrikaren desagertzearekin batera, instrumentuaren mantenuaz arduratu zen. Fabrika Batzar Nagusiak Princen lana ohore handiz goraipatu nahi izan zuen, lanak urte hartako Uztailerako amaitu baitziren. 40 urte pasa ziren instrumentuak beste konpontze-lan bat pairatzeko, kasu honetan “Organeria Española”ren eskutik, konkretuki 1973.urtean. Lanak 10 hilabete iraun zuen eta organoaren estreinaldia Andra Maria parrokia Basilika gisa izendatu zuten data berberean ospatu zen. Pariseko Notre Dame-ko organojole titular zen Pierre Cochereau maisuari eskaini zioten kontzertu berezi hau eta ospakizunetan musika elkarte askotxok parte hartu zuten, hauetatik Donostiako Orfeoia nabarmenduz.

Organojole titularrak:

1863 – 1879 Jose Juan Santesteban
1879 – 1906 Jose Antonio Santesteban
1906 – 1940 Jose Olaizola
1940 – 1969 Juan Urteaga Loidi
1969 – 2009 Jose Manuel Azkue
2009 – Loreto Aramendi – Ana Belen Garcia – Alize Mendizabal – Gorka Cuesta

Kontaktua: